ELKAR ILUSTRAZIO ETA IPUIN LEHIAKETA
Ilustrazio lehiaketa baten aurrean gaude.
Hurrengo ipuina irakurri eta marrazki polita egin behar da.
http://www.elkar.com/ilustrazio_eta_ipuin_lehiaketa/ipuina2014.mp3
LETRA TXARRA DAUKAT, ETA ZER?
Alaine Agirre
Nagusia naizenean, astronauta edo urpekari izan nahiko nuke. Bi ofizioetatik lapurtu daitezke izarrak: batetik, zerukoak; bestetik, itsasokoak. Eta niri hori da interesatzen zaidana: izarrak lapurtzea. Horrela, nik bezala iluntasunari beldur dioten umeen geletako sabaietan, izarrak itsatsiko ditut, argi eta dir-dir eta ñir-ñir apur bat eduki dezaten, ikarak uxatzeko.
Horregatik izan nahi dut nik izar-lapurtzaile: astronauta zein urpekari. Alabaina, denek esaten didate medikua izan behar dudala; izan ere, medikuek bezain letra txarra daukat nik.
Hala ere, sekretutxo bat kontatuko dizut, inork ere ez dakiena: nik uste dut artista naizela.
Idazten ari naizenean, eskua bakarrik mugitzen zait; bizitza propioa izango balu bezala. Eta
hori da, nire eskuak nahi duena idazteko zein marrazteko askatasuna duelako. Eta hori,
artistei bakarrik gertatzen zaie.
Horregatik, ez naiz lotsatzen: letra txarra daukat, eta zer?
Hala ere, izan ditut neure abenturak letra txarra dela-eta. Ez bakarrik irakasleak edo aitak
errieta egiten didatelako, hobeto idatzi behar nukeelako, bla-bla, blo-blo; baizik eta behin
batean, nire letra txarraren erruz, ia-ia nire bizitzako amodioa galdu nuelako.
Martina du izena, eta orain dela egun batzuk gertatu zen dena: bera eta bere gurasoak
auzora etorri ziren bizitzera; gurearen alboko pisura, alegia, zazpigarrenera. Laranja koloreko ilea bi mototsetan biltzen du, ez zaizkio espinakak gustatzen, eta zazpi urte ditu, nik bezala. Igogailuan topo egin genuen lehen aldian arnasa barik geratu nintzen. Hasieran ez nintzen konturatu zer gertatu zen, baina bere melokotoizko irribarrea ikusterakoan, ohartu nintzen bera zela erruduna, berak ostu zidala arnasa, eta seguruenik patrikan gorde zuela. Zazpigarrenera heldu baino arinago irten behar izan nuen igogailutik, bosgarren solairuan hain zuzen, bertan ez itotzeko.
Igogailuan ikusi ginen bigarren aldian ia-ia bihotzak ihes egin zidan bularretik. Hasieran ez
nintzen konturatu zer gertatu zen, baina bere katutxo-begirada ikusterakoan, ohartu nintzen bera zela erruduna, berak azeleratu eta bizkortu eta azkartu zuela nire bihotza. Zazpigarrenera heldu baino arinago irten behar izan nuen igogailutik, hirugarren solairuan hain zuzen, bihotz barik ez geratzeko.
Eta horrela, nire maitemina arazo handi bilakatu zen: Martina eta biok solairu berean bizi
ginenez, oso maiz gurutzatzen ginen igogailuan. Egunetik egunera gero eta maiteminduago
nengoen, eta egunetik egunera gero eta solairu gutxiago igotzen nituen igogailuz, berarekin.
Eta orduan, gutun bat idatzi nion (aurrez aurre hitz egiteko gai ez nintzelako). Gutuna idatzi nion, arazoa konpontzeko. Gutuna idatzi nion, igogailuan zazpigarren solairuraino igo ahal izateko. Nire artista eskuarekin idatzi nion bere melokotoizko irribarreak arnasa ostu egiten zidala eta bere katutxo-begiradak bihotza azeleratu. Eta zoratuta nengoela; beragatik.
Igogailuan topo egin genuen hurrengoan eman nion gutuna eskura. Harrituta begiratu zidan, aho zabalik, eta lehenengo solairuan jaitsi behar izan nuen, arnasarik gabe eta bihotza taupadaka.
Nire bizitzako egunik luzeena izan da gaur. Igogailuan igaro dut eguna, gora eta behera,
behera eta gora, Martina noiz agertuko zain. Eta halako batean, beheko solairuan igo da
igogailura. Lotsagorrituta dauzka masailak, bere ilearekin bat datozelarik. Eta behera begira, esan dit, baxu:
–Barkatu, baina ez dut ulertu gutunean idatzi didazuna. Letra kaxkarra daukazu-eta…
Negar batean irten naiz igogailutik, ateak itxi aurretik, beheko solairuan bertan. Baina nola da posible gutunean idatzi dizkiodan gauza eder eta loreak ez ulertzea? Loreak… hori da! Loreak ez, baizik eta izarrak bidaliko dizkiot!
Betaurrekoak, tuboa eta aletak jantzi ditut. Prest nago! Arnasa sendo hartu, eta lehenengo,
itsasondora jaitsi naiz, igerian. Itsaspean, ostu ditut izar bat, bi, hiru… zazpi!
Eta ondoren, itsaspetik zerurainoko bidea egin dut, besoak eta hankak igelen moduan
mugituz, plisti-plausta, betaurrekoetan itsasten zaizkidan laino zatiak eskuekin garbituz,
Ilargiaren herrialderaino heldu naizen arte. Eta bertan lapurtu ditut beste izar bat, bi, hiru… hamabi! Baina Ilargia haserretu, eta arineketan egin behar izan dut alde, etxera, nire logelako leihotik sartu naizen arte.
Behin nire logelan nagoela, izar-lapurraren uniformea erantzi, itsasoko uraren kresala eta
zeruko lainoen azukrea garbitu, eta gutun berria prestatzen hasi naiz. Pegamentuz blai egina amaitu dut gutuna bukatzerakoan, itsasoko zein zeruko izarrez beteta dago paper zuria.
Gaur ere igogailuan pasatu dut egun osoa, gora eta behera, behera eta gora, nire ametsetako dama noiz etorriko zain. Eta bat-batean, ikusi egin dut: oraingoan ilea solte darama Martinak; sorbaldetatik labain egiten dio. Beheko solairuan igo da igogailura, eta melokotoizko irribarre bat oparitu dit, neuretzat. Nik eskuan jarri diot izarrez beteriko gutuna. Ireki duenean, begiak eta sudurra eta masailak eta ezpainak eta belarriak argitu zaizkio izarren dirdiraz, eta inoiz ez bezala egin du irri. Eta ni, ez naiz igogailutik atera. Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi… zortzigarren solairuraino igo gara: terrazara. Gaua da, eta izarrak ikus daitezke, ñir-ñir, bai zerukoa bai itsasokoak. Eta orduan, eskutik heldu dit
Martinak, letra txarra dudan arren, nire gutuna ulertu duelako.