Entradas de la categoría 'General'

09-09-08, asteartea: Txurregitik Moncayora, Txurregi mendia ikustetik Moncayo mendia ikustera. Tuterara itzuli naiz beraz, Paternaindik. Bejon dakidala. Irail honetan atal berri bat hasi da ene bizitzan. Orain dela 19 urte ere, gaurko egunez, beste atal berri bat hasi zitzaidan, oraino itxi gabe dirauena.

 

ANEREN SANTA ANAK

Goiza bero dator, eta argitu baino lehen hogei graduko marra aisa gainditua dago. Festen lehenbiziko egun honetarako berrogei gradu inguruko maximak emanak dituzte, eta egunaren lehen orduetatik eguraldi gizonak asmatu behar duela badirudi behintzat. “Festa egiteko, beroa hobe” pentsatu du izerdi patsetan esnatu denean. Alta ez da beroa izerditzeko daukan arrazoi bakarra, eta hurrengo eguneko lanak negu beltzean ere izerdiaraziko lioke. Hobe larregi ez pentsatzea, eta nagiak astinduz komunera joan da dutxa erreparatzailea hartzera. Ura bero-bero jarri du. Uda izanagatik ere, inoiz ez du lortu gorputza ur hotzez garbitzea, eta azala erretzeko irian sartu ohi da txorrota azpian. Begiak itxi ditu ura burutik behera erortzen sentitu duen bitartean. Besapeak garbitzen hasi eta titiburuak gogortu zaizkio. Hura plazer ttikia. Luze joan zaio horretan, deustarako denbora askorik ez badu ere, eta azkenerako berandutu zaio. Axola gutxi. Dutxatik atera, ez sobera lehortu, eta janzteari ekin dio. Ez dago ziur barruko arropa berria mustea erabakirik onena ote denentz, baina azkenean hala egitea deliberatu du, “ez naun nerabe bat ziapez zikintzera joaten dena”, eta behialako festen oroitzapena ekarri zaio gogora, txupinazora bikinia jantzita joaten zenekoa. Arropa txuria jantzi eta goatzea txukuntzen duen bitartean hurrengo egunekoak hamaikagarrenez hausnartu ditu. Lehenagoko oroitzapenek marraztu dioten irria pentsamendu berriek ezabatu diote. “Lasai Ane, dena ongi aterako zain”.