BATASUNEKO ERAKUNDEAK

Europar Batasunak ahalmen zabalak dituzten erakundeak sortu ditu. Garrantzitsuenak Kontseilu Europarra, Europako Parlamentua, Ministro Kontseilua, Europako Batzordea eta Justizia Auzitegia dira.

1. Kontseilu Europarra

Kontseilu Europarra gobernuburuek eta kanpoko arazoetako ministroek osatzen dute, eta urtean birritan biltzen da gutxienez. Kontseilu honek gainontzeko erakundeen gainetik agintzen du, eta bateratze-prozesua bultzatzeko funtsezko erabakiak hartzen ditu.

Bilera bakoitzaren ondoren, Kontseiluak txosten bat aurkezten dio Parlamentuari.

2. Europako Parlamentua

Europako Parlamentuak Estrasburgon du egoitza. 786 lagunek osatzen dute, sufragio unibertsal zuzenaren bidez herrialde kideetan bost urtez behin hautatzen direnak, eta munduko nazio askoko batzarrik handiena da.

Parlamentuko ordezkari kopurua estatu bakoitzeko biztanle kopuruaren araberakoa da. 2007 eta 2009 urteen bitartean, aulkiak honela banatuko dira: Alemania (99), Italia, Frantzia eta Erresuma Batua (78), Espainia eta Polonia (54), Errumania (36), Herbehereak (27), Belgika, Grezia, Hungaria,.Portugal eta Txekiar Errepublika (24), Suedia (19), Austria eta Bulgaria (18), Danimarka, Eslovakia eta Finlandia (14), Irlanda eta Lituania (13), Letonia (9), Eslovenia (7), Luxenburgo, Estonia eta Zipre (6) eta Malta (5).

Europako Parlamentuko diputatuak hainbat talde parlamentariotan biltzen dira (2003an zazpi ziren), beren ideologiaren arabera (hala nola liberala, kontserbadorea, demokrata-kristaua eta sozialista), eta ez euren jatorriaren arabera.

Parlamentuak, Batasuneko Kontseiluarekin batera, funtzio legegilea betetzen du, hau da, Europako legeak (Zuzentarauak, Araudiak eta Erabakiak) onesten ditu.

3. Europar Batasuneko Kontseilua

Batasuneko Kontseilua da, erabakiak hartzeari dagokionez, erakunderik garrantzitsuena. Bruselan du egoitza, apirilean, ekainean eta urrian izan ezik, hilabete horietan Kontseilu guztiak Luxenburgon izaten baitira. Batasuneko Kontseiluak funtsezko zenbait betekizun ditu:

a) Botere legegilea bideratzen du, legeak Europako Parlamentuarekin adostuz.

b) Batasunaren izenean, nazioarteko hitzarmenak egiten ditu estatu batekin edo gehiagorekin, edo nazioarteko erakundeekin.

e) Batasuneko kide diren herrialdeen ekimenen koordinazioa bermatzen du, eta poliziaren eta epaileen arteko lankidetzan beharrezkoak diren neurriak hartzen ditu, alderdi penalari dagokionez.

Kontseiluan, estatu-kideek beren helburu politikoak ezartzen, estatu-politikak koordinatzen eta beren eta estatuon eta beste erakunde batzuen arteko gorabeherak konpontzen dituzte.

Estatu-kideak Kanpo Arazoetako ministro banak ordezkatu ohi ditu, baino alderdi jakinen bateko arazoaren batez jarduteko gai horri dagozkion ministroak elkartu ohi dira.

Erabakirik garrantzitsuenak aho batez hartu behar dira, eta besteak gehiengo kualifikatuz. Azken honetan, kide bakoitzak boto bana du, baina bozkatze haztatua da, hots, boto bakoitzak balio ezberdina du estatu-kidearen biztanle kopuruaren arabera.

2004ko azaroaren 1. tik aurrera, hauek dira estatu bakoitzak eman ditzakeen boto kopuruak:

Alemania, Frantzia, Italia, eta Erresuma Batua (29), Espainia eta Polonia (27), Errumania (14), Herbehereak (13), Belgika, Grezia, Hungaria, Portugal eta Txekiar Errepublika (12), Austria, Bulgaria eta Suedia (10), Danimarka, Irlanda, Lituania, Eslovakia eta Finlandia (7) Zipre, Estonia, Letonia, Luxenburgo eta Eslovenia (4) eta Malta (5). 345 boto guztira.

2007ko urtarrilaren 1.az geroztik, honako bi baldintza hauek bete behar dira emaitza gehiengo kualifikatutzat hartzeko:

– Estatuen gehiengoak bere onespena ematea (batzuetan gehiengo hau bi herenekoa izango da).

– Proposamenak gutxienez baiezko 255 boto izatea, hau da, guztizkoaren % 73,9.

Horrez gainera, estatu-kideek baiezko botoek gutxienez Europar Batasuneko biztanleriaren % 62 ordezkatzen dituztela berrestea eska dezakete. Irizpide hori betetzen ez bada, erabakia ez da onetsiko.

4. Europako Batzordea

Europako Batzordeak Bruselan du egoitza. Estatu-kideetako gobernuek hautatzen dituzte, bost urteko agintaldirako, organo betearazle honetako hogeita zazpi ordezkariak, eta Europar Batasunaren interesen alde egin behar dute, beren estatuen interesen gainetik.

Batzordeak hogeita zazpi ordezkari ditu, estatu-kide bakoitzeko bana.

Batzordeak betekizun hauek ditu: lege-proposamenak aurkeztu, Itunen aplikazioa zaindu, eta Batasunaren politikak kudeatu (Eurostat) eta betearazi. Arazoak autonomiei dagokienean, Batzordearen lan taldeetan parte hartzen dute, ordezkari baten bitartez.

5. Justizia Auzitegia

Justizia Auzitegia estatu-kide bakoitzeko epaile banaz osatuta dago eta zortzi abokatu orokorren laguntza du. Betekin nagusia Erkidegoko Zuzenbidearen interpretazi9oa uniformea bermatzea du, eta Batasuneko legeen gainean egindako erreklamazioak epaitzek eskumena du. Auzitegi honen erabakiek gobernu guztiak behartzen dituzte.

Utzi erantzuna

Your email address will not be published.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.